Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Zangozan abiatuko da 2018ko Mendi Tourra 'The Great Alone' eta BMFF-ko 10. edizioko filma onenekin

Bilbo, 2018ko urtarrilak 9. Mendi Tourra, Bilbao Mendi Film Festivaleko filma onenak erakusten dituen mostra, Zangozan abiatuko da bi emanaldirekin, hilaren 12an eta 26an. Zangozako kultura eta kirol agendan jada leku finkoa hartu du hitzordu honek. Mendi Jardunaldiak antolatu ditu beste behin Zangozako Udalaren Kirol Patronatuak, eta haien baitan Karmengo Entzutegian eskainiko dira (20.00) aipatu proiekzioak.

Hasteko, hilaren 12an, The Great Alone, munduko musherrik onena denaren muturreko nortasuna eta erronken uztartzea erakusten duen filma, Bilbao Mendi Film Festivalen 2016ko edizioan Epaimahaiaren Saria jaso zuena. Lance MacKey da pertsonaia, Iditarod eta Yukon Quest lasterketa gogor eta entzutetsuak launa alditan irabazitako gizasemea, eta bere bizitzaren baitan garaipen are garrantzitsuagoak ere lortu dituena.

 

Filma honen atarikoak girotzeko, egun euskal musher aktiboenetakoa den Eneko Agirre saioan bertan izango da. Ez bera bakarrik, haren txakurrak eta elur-lera bera ere erakutsiko bait dizkie Zangozako Karmengo Entzutegira bertaratzen direnei. Iaz Lekkarod lasterketan parte hartu zuen musher gipuzkoarrak, distantzia ertaineko Europako probarik entzutetsuenean, eta laugarren amaitu zuen. Aurten ere bertarako prestatzen ari da. Txakur-leren mundua eta The Great Alone filma bera oraindik ere hobeto ulertzeko aukera paregabea izango da. 

Urtarrilaren 26ko egitaraua, aldiz, joan zen abenduan ospatu zen Mendi Film Festivalen 10. edizioan saritutako filmeekin osatuko da. Bi ostiraletako saioak 20.00etan hasiko dira, eta sarrerak 3€ balioko du.

MENDI TOUR 2018

Bilbao Mendi Film Festivaleko lan onenak urte osoan zehar ikusteko aukera ematen duen mostra da Mendi Tourra, nazioarteko mendi zinemagintzarik onenaz eta gaur-gaurkoenaz gozatzeko aukera aparta. 2017an 40 hiri edo herritan aurkeztu zen Mendi Tourra, Euskadi eta Nafarroaz batera, Pirinioetan (Luz Saint Sauveur eta Vielha), Kantabria, Burgos, Madrid, Valentzia, eta baita Mexikon ere. Guztira 10.000 ikusletik gora izan ziren iaz Mendi Tour eskaintzaz gozatu zutenak. Joan zen urteko abenduan Bilbon egin zen Mendi Film Festivaleko sarituen palmaresa bikaina da, beraz 2018ko Mendi Tourrak osagarri ezinhobeak ditu mendiko zinema onena, akzioa, abentura eta natura gaiez josia, ikusi eta gozatzeko irrikaz dagoen oro asebetetzeko.

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Everest

K2
 

Aconcagua
           

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2019 Bilbao Mendi Film Festival. Web by McArra. About Cookies