Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

2018KO IAMF SARI NAGUSIA, Kurt Diemberger

Gailurrak eta sekretuak

Ostirala 14, Sala BBK 19:30

Kurt Diemberger alpinistak Broad Peak eta Dhaulagiri zortzimilakoen lehen igoerak egin zituen 1957an eta 1960an, hurrenez hurren, biak oxigeno gehigarririk gabe, gainera. Bera da halako igoerak dituztenen artean bizirik geratzen den bakarra. Horrez gain, hamalau zortzimilakoetatik sei eskalatu ditu. Kamerari eta idazlea ere bada, eta Europan eragin gehien izan duen alpinistetako bat; zalantzarik gabe, ataka gaiztoetatik bizirik ateratzen jakin duen mendizale menderaezina. Bere bizitzako hainbat pasarte aletuko ditu: goi-mendiko kamerari lanetan bizi izandakoak, jendeari eta mendiei buruz idatzitakoak…
Kurt Diemberger

 

CHOLITAS

Larunbata 15, Sala BBK 11:30

Estreinaldia 2019ko irailerako aurreikusita badago ere, Pablo Iraburuk eta Migueltxo Molinak Arena Comunicación ekoiztetxearen hurrengo proiektua aurkeztuko dute: “Cholitas”.

Egitasmo dokumental honek espedizio oso berezi baten nondik norakoak azaltzen ditu. Jomuga, Amerikako mendirik altuena da: Aconcagua. Boliviako hainbat emakume indigena dira espedizioko kideak. Haien irudia harrigarria da, izotz hormetan gora eginez, kolore biziko gona tradizionalak soinean dituztela. Eskalatzaile soilak baino gehiago dira, emakume ausartak dira; eta mendia, haientzat, askatasunerako lurralde bat da, zoriontsu eta bizirik sentitzeko eremua.

 

SOS HIMALAYA

SOS HIMALAYA

Larunbata 15, Sala BBK 11:30

SOS Himalaya-Iñaki Ochoa de Olza Fundazioak hamar urte baino gehiago egin ditu jada lanean, Himalaiako herrixketan osasun eta hezkuntza arloko proiektuak bultzatzeko eta gauzatzeko. Uneotan, Makalu ibarrean (Nepal) ospitale bat martxan jartzea du helburu. SUA argitaletxeak liburu bat argitaratu du entzute handiko hogeita hamar bat alpinista eta eskalatzaileen kontakizunekin. Hain zuzen, horietako batzuek hartuko dute parte Panel Talk honetan.

Liburuaren salmentarekin bildutako dirua eta saio honetarako sarreren bidez jasotako guztia SOS Himalaya Fundazioarentzat izango da.

 

JUANJO SAN SEBASTIÁN-EN GAUA, WOP SARIA

Larunbata 15 – 19:30 Sala BBK

Aurten, Walk On Project (WOP) saria Juanjo San Sebastiánek jasoko du, alpinista moduan egin duen ibilbide oparoagatik ez ezik, baita bizitzaren eta gizartearen esparru ugaritan egin duen lanagatik ere. Euskal Herrian alpinista oso maitatua eta goretsia da Juanjo, eta aurreko urteetan WOP sari hau jaso zuten Josep Manuel Anglada, Sir Chris Bonington eta Peter Habelerren urratsei jarraituz, bera izango da aurten ohorezko sari hau jasoko duena. The Walk On Project Fundazioak, Bilbao Mendi Film Festival jaialdiarekin batera, egiten duen aitortza honek alpinisten ibilbide pertsonala nabarmentzen du; bizitzan zehar, oztopoak gainditzeko ahalmena, ausardia, talde-lana, konpromisoa, zintzotasuna, adiskidetasuna eta beste hainbat balioren eredu izan diren alpinisten ibilbidea, hain zuzen ere.

Juanjo San Sebastián Euskal Herriko alpinistarik goraipatuenetako bat da. Hainbat lanetan aritu da bizitzan zehar: mendiko espedizioetan espezialista eta altuerako kamerari, dokumentalen gidoilari eta zuzendari, Espainian sortutako goi-mendiko gidarien lehen eskola-tailerreko zuzendari tekniko, eta Kutxabankeko Irudi eta Publizitate saileko langile, besteak beste. Baina Juanjoren bizitza hori baino askoz gehiago da: arlo sozialean, adibidez, hainbat lan egina da, dela txistulari dela sindikalista moduan, eta goi-mendian, K2 izan da bere ibilbide alpinoaren ardatza. Han bizi izan zuen bere bizitzako esperientziarik gogorrenetakoa, han galdu zuen sokalaguna eta eskuko hatz gehienak. Jakin Juanjo San Sebastiánen bizitzako xehetasun ezezagunenen berri.

 

THE CLIMBERS

Asteazkena 12 – 20:00 Mendi Base Camp Edificio Ensanche

Jim Herringtonek bere argazki-liburua aurkeztuko du: "The Climbers" (Eskalatzaileak). Proiektuak XX. mendearen hasierako eta erdialdeko “Urrezko Aroko” eskalada munduko kondairak dokumentatu ditu. Hitzaldiaren eta diapositiben proiekzioaren hasieran, Jimek azken 35 urteotan argazkilari lanetan egin duen ibilbidea laburtuko du. Ondoren, alpinisten gainean jardungo du: eskalatzaileei eta haien garaiari buruzko kontakizun biziak eta liluragarriak aletuko ditu, eta kondaira zahar hauek topatzeko egin behar izan zuen aparteko ahaleginaren berri ere emango du. Zenbat eta zenbat bizipen ezohiko proiektu hau osatzeko egin behar izan zituen bidaietan eta gainditu behar izan zituen estualdietan, zenbat eta zenbat gorabehera, etsipenez, umorez eta abenturaz beteak.

 

 

HORMATZARREAN MUSIKA JOTZEN NICO ETA SEANEKIN

Nico Favresse & Sean Villanueva O’Driscoll

Larunbata 8 – 19:30 Sala BBK

Nico Favresse eta Sean Villanueva eskalatzaileek behin baino gehiagotan batu dituzte indarrak eta hainbat lehen igoera egin dituzte mundu zabalean barna. Nahiz eta eskalatzen dituzten hormak gogorrak izan, umorea eta musika dituzte sobera, jarduera eramangarriago egiteko. Belgikako lautadetatik big wall-etako rock izar bihurtzeraino, Nicok eta Seanek beren esplorazio bertikalen eta musikalen bizipenak elkarbanatuko dituzte.

 

MENDIZALETASUNA: ENTRENATZEN DEN KIROLA

Larunbata 8 – 11:30 Sala BBK

Alberto Iñurrategi alpinistak, Basque Team Fundazioko Aitor Alberdi kirol teknikariarekin eta Xabier Leibar medikuarekin batera, urteetan prestaketa eta entrenamenduaren inguruan elkarrekin egindako lanaren adibide praktikoak erakutsiko ditu, entzuleekin etengabeko solasaldian. Beste modalitate guztiek azken urteetan profesionaltasunerako joera handia hartu dute maila guztietan. Mendian ere jarrera horri eustea gomendagarria litzateke, hainbat faktoretan eragina duelako prestaketak. Azken finean, mendizaletasuna aisialdia baino gehiago da; kirola ere bada.

 

Sponsors

Instituciones/Instituzioak/Institutions

Everest

K2
 

Aconcagua
           

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2018 Bilbao Mendi Film Festival. Web by McArra. About Cookies