Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

EVEREST, HERRI OSO BAT GAILURREAN, ERAKUSKETA

Azaroaren 27tik urtarrilak 31 arte

Euskal Museoa - Museo Vasco Plaza Miguel Unamuno, 4

Euskal mendizaletasunaren mugarri nagusietako bat da 1980ko Everesteko igoera: Martin Zabaletak eta Pasang Temba sherpak maiatzaren 14an zapaldu zuten munduko gailur altuenaren tontorra, eta haiekin batera, talde oso batek, herri oso batek jo zuen goia, zirrira deskribaezina sortuz. Espedizio horren historia komiki formatuan jaso dute Mendi Film Festival jaialdiak eta Sua edizioak argitaletxeak elkarlanean. Cesar Llaguno marrazkilariak trazu iradokitzailez arnasberritu du igoera hura, Ramon Olasagastik egokitutako gidoiari bizia emanez.

Komikiaz gain, ordea, aurtengo Mendi Film Festival jaialdiak erakusketa bat ere atondu du liburu ilustratu horretako bineta esanguratsuenekin eta iradokitzaileenekin, espedizioaren nondik norakoak azaltzeko, eta komikiaren prozesua bera erakusteko. Hainbat paneletan jaso dira komikiko bineta ederrenetako batzuk, eta marrazkien bilakaera nolakoa izan den azaltzen da, hasi zirriborro huts zirenetik eta liburuko azken bertsioraino.

Egileak

Cesar Llaguno (Barakaldo, 1972) eta Ramon Olasagasti (Berrobi, 1972), marrazki bidez historia biziberritu duen esku trebea bata, eta irudien oinarrian dagoen gidoiaren egilea bestea. Horra komikia osatu duten bi sokalagunak. Cesar Llaguno, besteak beste, Oxígeno, El Mundo de los Pirineos, Alpinist, Trailrun eta Euskal Herria aldizkarietarako hainbat marrazki eta bineten egilea da. Ramon Olasagasti, berriz, Euskaldunon Egunkarian eta Berrian mendiko berriemaile izandakoa eta, besteak beste, “Mendiminez” (Las Cumbres del alma, gaztelaniaz) liburuaren egilea.

“Urratsez urrats” aritu dira beren Everest partikular honetan. Cesarren paper-zorroan milaka zirriborro pilatu dira, elurretan ez, baina zuriaren gainean eginiko milaka pauso txiki, 1980ko espedidiziokideen bide berean. Gure mendizaletasunaren historiako mugarri hau beste era batera kontatzea, historia marraztea izan da haien ahalegina.

Gidoia lantzeko eta egokitzeko, Felipe Uriartek Everesteko igoera hari buruz idatzitako liburua, espediziokideen testigantzak eta beste hainbat iturri erabili dituzte egileek. Lehen lerro horien gainean ekin zion Cesar Llagunok aurreneko zirriborroak eta marrazkiak osatzeari. Eta behin gidoia finkatuta, marrazkiek ere bide horri jarraitu diote. Milaka zirriborro egin ditu Llagunok, bineta bakoitzak ezin konta ahala aldaera eta bertsio izan ditu, harik eta azken-azkenekora iritsi arte.

Everesteko igoera honen historia ez da 1980an abiatzen, askoz lehenago baizik. Komikiak 1967ra arte egiten du atzera: urte hartan euskal mendizaleek –tartean 80ko hainbat espediziokidek– hainbat igoera egin zituzten Andeetako gailurretan. 1974ko Everesteko Tximist espedizio entzutetsua etorri zen gero, hainbat oztopo politiko gainditu ondoren. Orduko hartan, gertu izan arren, ezin izan zuten gailurra lortu. Halaxe iritsi zen 80ko bigarren ahalegina. Kike de Pablo eta Xabier Erro 1979ko abenduan abiatu ziren Gasteiztik, garai hartan materiala itsasontziz bidaltzen baitzen Indiara, eta gero handik kamioietan eramaten Nepaleko mugara.

Behin mendian, euskal mendizaleek eta sherpek orpoz orpo egin zuten lan. Zailtasunak, istripuak, etsipen uneak... franko izan zituzten, baina maiatzaren 14an, Martin Zabaletak eta Pasang Temba sherpak gailurreraino eraman zuen talde oso baten lana eta kemena, herri oso baten ilusioa eta poza.

Herri oso bat munduaren gailurreraino eraman zuen igoeraren unerik gogoangarrienak biziberritzen dituzte hala komikiak nola erakusketak. Orduko protagonistetako batzuk joanak dira dagoeneko, eta haien omenezko lekukotza xumea ere badira.

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Gailurra
  
 

Aconcagua
                     

Ama Dablam

Cervino
   
 

Laguntzailea / Colaborador
  

 Auto ofiziala / Vehículo oficial 

Media Partners
 

© 2021 Mendi Film. Cookies - Legal - Privacy