Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Iñurrategi anaiei gorazarre Mendi Film eta SUA-ren komikiarekin

SALGAI: festibal egunetan Sala BBK-n eta Euskalduna Jauregian | Online: SUA Edizioak | Ohiko liburu dendak

Iñurrategi anaien mendi ibilbideari, eta bereziki duela 20 urte mendi istripuan hil zen Felixi, tributua egiten dion komiki liburua argitaratu berri da.

2018an “EVEREST, HERRI OSO BAT GAILURREAN” 74ko eta 80ko espedizioei buruzko liburuak zabaldu zuen euskal mendizaletasunaren historiako pasarte eta pertsonaia esanguratsuen komiki bilduma. Mendi Film elkarteak sortu eta SUA Edizioak argitaletxeak gorpuztutako proiektuko bigarren alea da, beraz, “IÑURRATEGI ANAIAK, MENDIARI BIHOTZ EMANAK”, geure izatearen arrastoak bizi mantendu daitezen eginiko lana, gaur egun belaunaldi orok bere egiten duen formatuan argitaratua.

 

Euskal mendizaletasunaren historian aparteko sokada izan da Felix eta Alberto Iñurrategik osatutakoa: soka sendo bat, egiteko modu bat, sokalagunekiko nahiz babesleekiko leialtasun bat, mendia bere hedadura osoan aintzat hartzen jakin duen begirada bat. Mendia ez baita gailurra soilik, mendia batez ere bidea da, eta mendirako bidean dauden herriak, eta herri horietan bizi den jendea...

Bi anai. Bihotz bi. Gure literaturaren bi klasiko handi dira. Felix eta Alberto ere izan daitezke, sokadaren ekuazioa gorpuztuz: bat ez da batera iristen; bi, bi eta erdi. Gasherbrum II, hamabigarren zortzimilakoa elkarrekin igo eta gero, beherakoan istripua izan eta hil egin zen Felix. Izoztuta geratu zen herri oso baten bihotza, erabat arrakalatuta. “Bihar ere argituko du egunak”, esan ohi zuen Felixek sarri, adore premian zenari bihotz emateko, eta ausaz bizitzari aurre egiteko modu horrek biziarazi zuen berriro pultsua. Mendiari bihotz emanak bizi izan ziren, bizi da oraindik ere Alberto, mendiak ematen zielako bihotz. Gerozko urteotan, Felix hil ondoren sortutako Baltistan Fundazioaren eskutik, altuera xumeagoan gailur zailagoak ere bilatu dituzte, Hushe ibarreko baltiarren bizimodua zertxobait duintzea, besteak beste.

 

FITXA
Gidoia eta testuak: Ramon Olasagasti

Irudiak: César Llaguno

Rotulazioa eta koloreztatzea: Felipe H. Navarro

Gaztelaniara itzulpena: Ander Izagirre

Diseinua: Aurkene Etxebarria

Inprimaketa: Leitzaran

 

EKITALDIA eta LIBURU SINATZEA

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia mendi zinema jaialdiaren 13. edizioan (abenduaren 4tik 13ra, Bilbon) aurkeztuko dute komikia jendaurrean egileek, Alberto Iñurrategirekin batera.

Noiz: abenduak 5 larunbata

Non: Euskalduna Jauregia

Ordua: 19:00etan

**Euskaldunan bertan, Alberto Iñurrategik, Ramon Olasagastik eta César Llagunok liburuak sinatuko dituzte 17:30etik 18:30era**

Aurkezpen egunean, ezk esk, goitik hasita: César Llaguno ilustratzailea, Alberto Iñurrategi eta Ramon Olasagasti (gidoilari eta idazlea); Eduardo Martínez (Mendi Film Presidentea), Argiñe Areitio (SUA Edizioak Zuzendaria) eta Jabier Baraiazarra (Mendi Film Zuzendaria)

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Gailurra

Everest
 

K2
 

Aconcagua
                     

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2021 Mendi Film. Cookies - Legal - Privacy