Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Mendi Film Festival: 15 urtetako espedizioa

Mendi Film 2008an sortu zenetik, 15 urte bete dira. Edizioak ere hainbat, beraz 2022ko abenduaren 9tik 18ra egingo dena 15.ena izango da. Han lehian parte hartuko duten pelikulen zerrenda urrian publikatuko da, eta hortik aurrera jakinaraziko da zein gonbidatu, zuzendari, ekoizle eta atleta protagonista bilduko diren abenduan geurera. 

Hala izan da beti, bidea 2008an Gasteizen abiatu zenetik. Lehen lau urte eder haietan gorpuztu zen Euskal Herriko mendi zinema jaialdia, bertako mendizaletasunari erantzunez eta mundu osoko mendi zinematografia berriena eta aktualena geurean aurkezteko gogoz sortu zena. Pyrenaicako aurreko aleetan (284. zenbakia) aipatua dugu haren aurrekari arrakastatsua izan zen Donostiako mendi zine jaialdiaren eredua, 1979tik 1985era bitartekoa. Bada, Gasteizen Mendi Film sortu zenerako, erreferentziak Torello, Trento, Banff edota Diablerets jaialdiak ziren. Jabier Baraiazarra, Eduardo Martinez eta konpainiak, ametsari bide eman zioten, eta Mendi Film Festival jarri zuten martxan. 

2008ko abenduan, lehen edizioko Sari Banaketa ekitaldia, Gasteizko Artium Museoan

Europa Jauregia eta Artium museoa Kanpaleku Nagusi bihurtu, eta han abiatu zen jada 15 urte dituen espedizioa. Horma handi bat bailitzan, beste horrenbeste luzetan gogora dezagun: 

  1. “Psicobloc: Ur Sakonetako Bakardadea” eta Bideografik

Pelikula honek zabaldu zuen Mendi Filmeko lehen edizioa, Gasteizko Europa Jauregian, 2008ko abenduaren 15ean, beraz proiektatu diren guzti-guztietatik lehena da. Etxeko ekoizpen bat, Bideografik durangarrena. Etxeko protagonistekin: Patxi Usobiaga eta Irati Anda, Balearretako Miquel Rierarekin (gb) batera, “psicoblocaren aita”. Bideografik-eko Xabier Zabala, Asier Maeztu, Carlos Iglesias eta Eukeni Arriortua pelikula asko eta onak aurkeztutakoak dira Mendi Filmen: aipatu “Psicobloc”-ez batera, “Slack Line: grabitateari erronka” (2009), “Tamur: Kangchenjungako harribitxia” (2010), “Aizkora hotsak goi mendietan” (2011), “GR-99. Los colores del camino” (2012), “Parapentea eta ni” (2012), “Imaginador” (2016), eta “Pastoreak” (2018). 

  1. Euskal ekoizpena

Orduz geroztik asko izan dira beren lanak Mendi Filmen aurkeztu dituzten euskal ekoiztetxeak: Marmoka Films, Arena Comunicación, Gariza Films, Morgancrea, Einarte Produkzioak, Zirriborro, Arteman, Dimegaz, Gattiken, On Produkzioak, Avis Producciones, Muxu estudio, Bideolan…  

  1. Euskal zuzendariak

Eta euskal zuzendari andana murgildu da mendiko zinemagintzaren munduan, beren lanak Mendi Filmera begira jarriz, eta maiz bertan estreinatuz: Lara Izagirre, Pablo Iraburu, Migueltxo Molina, Marga Gutierrez, Jose Larraza, Aner Etxebarria, Pablo Vidal, Ruben Crespo, Igor Bellido, Jon Herranz, Mattin Zeberio, Pablo Dendaluze, Jon Goikoetxea, Iker Larrañaga, Iñaki Peña, Egoi Markaida, Iker Elorrieta, Iñigo Grasset, Alex Areizaga, Romain Jamet, Tamara Lucarini, Carlos Rodriguez, Fredi Paia, Aitor Gisasola, Gotzon Arribas, Santi Ron, Mikel Peña...  

  1. Euskal protagonistak

Zine-zuzendari lanetan sartutako euskal mendizale eta atletak ere dezente dira: Mikel Sarasola, Alex Txikon, Jose Ramon Agirre “Marron”, Adolfo Madinabeitia, Josu Bereziartua, Luis Arrieta, Janire Etxabe, Mikel eta Iñaki Urresti, Xanti Ugarte, Txus Ruiz de Erentxun... Pelikuletako protagonista bezala ere, izen ezagun asko. Alpinistak: Iñaki Ochoa de Olza (gb), Alberto Zerain (gb), Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo,  Mikel Zabalza, Edurne Pasaban, Juanito Oiarzabal, Juanjo Sansebastian edo Felipe Uriarte. Eskalatzaileak: Ekaitz Maiz, Gorka Karapeto, Arkaitz Yurrita, Unai Mendia, Eneko Cesar, Andoni Ormazabal, Itziar Zabala, Mikel Linazisoro edo Esparta anaiak. Eskiatzaileak: Lucas Eguibar, Iraitz Ezkergain edo Jurek Sienkiewicz. Mendi lasterkariak: Silvia Trigueros, Iker Karrera, Oihana Azkorbebeitia edo Irene Sarriugarte. Piraguistak: Aitor Goikoetxea, Xabier Olano, Fermin Perez, edo Antxon Arza (gb). Surflari eta abenturazaleak: Kepa Acero, Aritz Aranburu, Natxo Gonzalez edo Garazi Sanchez. Bidaiariak: Josu Iztueta, Julio Villar edo Eneko Etxebarrieta. Aloña Mendi taldeko espeleologoak. Eñaut Izagirre eta Ibai Rico glaziologo eta geografoak.

  1. Pou Anaiak

Aparteko kapitulua da Eneko eta Iker Pou anaiena. Eskalatzaile eta alpinista gasteiztarrek, lotura estua izan dute beti Mendi Filmekin, honen aldeko apustu irmoa egin izan dute beti. Bederatzi pelikula estreinatu dituzte bertan, atera kontuak! 2008an “7 pareta 7 kontinente”-rekin hasi, eta 2018ko “Pim Pam Pou” arte.

  1. Vitoria-Gasteiz

2008tik 2011ra, Gasteiz izan zen Mendi zinemagintzaren euskal hiriburua. Bertako negu hotzetan beroa eskaini zuen ikuslegoak lehen ediziotik, aretoak betez. Nazioarteko izar handiak hasi ziren biltzen jaialdira: Dean Potter (gb), Sean Leary (gb), Nicolas Favresse, Sean Villanueva, Karina Hollekim, Erhard Loretan (gb), Leo Houlding, Ines Papert, Gerlinde Kaltenbrunner, Ralf Dujmovits, Chris Sharma… 

  1. Bernadette McDonald

2010ean egin zuen lehen kikua Mendi Filmen idazle kanadarrak, artean Banff Film Festival-eko zuzendaritzako kide zela. Birritan epaimahaikide izana da Mendi Filmen, baita hizlari eta erakusketa aurkezle ere. Nazioarteko izaera eta potentziala aitortu zizkion euskal jaialdiari, eta bide-erakusle eta lagun fidela izan da beti. 

  1. IAMF

2011ean Mendi zinemaldien nazioarteko elkargoan sartu zen Mendi Film Festival, International Alliance for Mountain Film delakoan. Gaur egun 28 kide ditu, 5 kontinentetako 20 herrialde ordezkatuz. Eta 2018az geroztik, elkargoaren gidaritzan dihardu Jabier Baraiazarrak, Mendi Filmeko zuzendariak. Mendi zinemaren industrian erreferentzia bat da IAMF. 

  1. Bilbo

2012an egin zuen Gasteiztik Bilborako aldaketa Mendi Filmek. Esker onez, bai Araban jaialdiari lau urteko sustengua eman zioten erakundeekiko eta ikusleekiko, eta baita Bizkaian abegikor agertu zirenekiko.  10 edizio ospatu dira jada Bilbon. Sala BBK, Golem zinemak, Euskalduna Jauregia, Bizkaia Aretoa, Euskal Museoa, Itsasmuseoa, Ondare eta Rekalde aretoak, Zabalgune eraikina, Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsua, Club Deportivo Bilbao, Alde Zaharra… Mendiko arnasa abenduro berritzen da Bilbon. 

  1. Jimmy Chin

2013an Jimmy Chin-ek bere argazkilari ibilbideko lanekin erakusketa aurkeztu zuen Metro Bilbaon. 2015ean berak zuzendutako “Meru” filma proiektatu zen Mendi Filmen 8. edizioko Hasiera Ekitaldian, Euskalduna Jauregian. Eta 2018an, “Free Solo” programatu zen Mendi Filmen, handik urtebetera, nazioarteko sari sonatuak irabazi zituen mendiko pelikula: Akademiaren Oscar bat, BAFTA sari bat eta 7 Emmy sari. Pisuzko pertsonaia bat, Mendi Filmeri lotua. 

  1. 10. urteurrena

Mendi Filmen 2017ko edizioak, 10.ak, emakume indarra aldarrikatu zuen: Catherine Destivelle, Lynn Hill, Josune Bereziartu eta Edurne Pasaban Sala BBK-ko agertoki distiratsuan elkarrekin; Jennifer Peedom zuzendariaren “Mountain” Euskalduna Jauregiko Hasiera Ekitaldian; Bernadette McDonald eta Katie Ives mahai inguruak gidatzen, eta haiek bezala hainbat urtetan Pyrenaicako arduraduna izan den Luisa Alonso-Cires edo Lara Izagirre zinegilea ere bai; Jin Jeon zuzendari hego-korearraren “Becoming who I was” filmak Sari Nagusia irabazi zuen; eta “Aurrera” film laburrarekin Irene Sarrionandia mendi lasterkaria ezagutarazi zen jendartean. 

  1. Aro berria: BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia

2019an Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta BBK Fundazioarekin lau urterako lankidetza akordioa sinatu zuen Mendi Filmek. Egonkortasun eta ziurtasun bide bat. Eta baita izen aldaketa bat ere: Bilbao Mendi Film Festival zena, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia da harrez geroztik. Izen nagusi hauen altzoan, berau posible egiten duten babesle guztiei, bihoakie esker onik zintzoena. 

  1. Pandemia

Covid-19aren agerraldiak eraginda 2020ko eta 2021eko edizioak aurrera atera izana sekulako lorpena izan zen. Musuko, desinfektatzaile, distantzia sozial eta udal muga perimetrala eta guzti egin zen 13. edizioa. Artean musukoak erantzi gabe, baina jatorri muga gabeko bilgunea izan zen iazkoa, 14. edizioa. Bi edizioetako kartelak, CVCEPHOTO lehiaketako sarietatik hautatuak, sinbolismoz beteak izan ziren: 2020an Sandi Bertoncelj argazkilariaren “Into the Light“ -argi printzen norabidea jarraitzen zuen mendi eskiatzailea- eta Jan Zahularen “The edge of guillotine” -ertz zorrotza gainditzear zegoen eskalatzailea-. 

 

  1. Erakusketak

Edizio guztiek izan dituzte erakusketa seinalatuak: argazkiak, komikiak eta liburuak, mendi materiala, musika, margo-lanak, fularrak eta zapiak… CVCEPHOTO lehiaketako 7 edizioetako argazki sarituek beste horrenbeste urtetan izan dute isla Metro Bilbaoko geltokietan. Jim Herrington argazkilari prestigiotsuak historiako mendizale handien erretratuak ekarri zituen. Santi Yaniz eta bere magia eta irudimena maiz izan dira erakusgai argazkietan. EMMOA-ren eskutik euskal mendizaletasunaren historia kontatu da Bilboko Alde Zaharreko erakusleihoetan. Italiako Museo della Montagnaren fularren eta disko-azalen erakusketek ere oihartzun handia izan zuten. Eta SUA argitaletxearekin batera Mendi Film labean sortutako “Everest: Herri oso bat gailurrean” eta “Iñurrategi anaiak: mendiari bihotz emanak” komikiek ere izan dute erakusleihoa.  

  1. Mendi Tour

Mendi Filmeko pelikula onenen mostra ibiltaria, abenduko erakustaldiaren ostean, hurrengo urte osorako soka ematen duena. Aurten 50etik gora hiri eta herritan 90 bat zine-saio aurkeztuko ditu urtarrilean hasi eta azarora bitartean. Urte osoan mendiko zinemaz pantaila handian eta lagunartean gozatzeko aukera da Mendi Filmek eskaintzen duena. Mendizaletasunaren bilgune da. Eta horrela, 15 urte jada.

 

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Gailurra
  
 

Aconcagua
                     

Ama Dablam

Cervino
   
 

Laguntzailea / Colaborador
  

 Auto ofiziala / Vehículo oficial 

Media Partners
 

© 2021 Mendi Film. Cookies - Legal - Privacy