Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Eskoriatza Mendi Tourra lehenengo aldiz

Bilbao Mendi Film Festivalaren azken edizioko pelikula onenak Gipuzkoan dabiltza batera eta bestera. Hurrengo lekukoa Eskoriatzak hartuko du, ekainaren 14an eta 16an.

Eskoriatzako Mendi Tourraren lehen edizioa da, eta antolaketan Eskoriatza Kirol Elkarteak, Eskoriatzako Udalak, Baltistan Fundazioak eta Zineuskadik parte hartu dute.

Proiekzioez batera Ibarraundi Museoan “Emakumeak Hushé Bailaran” erakusketa jarriko da ikusgai hilaren 13tik 16ra.

2016ko ekaina. BILBAO MENDI FILM FESTIVAL Gipuzkoan da berriro MENDI TOURraren eskutik. Mendia eta natura maite eta bizi dituztenei bezala, publiko orokorrari zuzendutako eskaintza da Mendi Tourra, Festivalaren azken edizioko pelikula onenak biltzen dituena. 

Eskoriatzako Mendi Tourraren lehen edizioan sei pelikula eskainiko dira bi saiotan banatuta, ekainaren 14an eta 16an, Zaldibar Antzokian, 19:00etan hasita. Sarrerak Kiroldegian eskuratu ahal izango dira aurretiaz, edo eta saio egunetan bertan antzokiko leihatilan. Prezioak: 3na euro saioko eta 5 euro bi egunetako bonoa.

Pelikulen saioez batera “Emakumeak Hushé Bailaran” erakusketa ikusgai egongo da herriko Ibarraundi museoan, hilaren 13tik 16ra. Ibon Azpilikueta argazkilariaren irudi bilduma da. Karakorumgo Hushé bailara goi-mendiko ikusmira miragarriagatik ezaguna da, baina bertako bizi baldintzak oso gogorrak dira. 20.000 biztanle pobrezian bizi dira bertan, India eta Pakistango gobernuen arteko liskar amaigabeen eraginpean. Emakumeak eta neskatoak dira erakusketaren ardatza, gizartean baztertuen dagoen sektorea, eta beren hezkuntza hobetzeko egiten duten lana islatzen du.

Eskoriatza Kirol Elkartea da Bilbao Mendi Film Festivalarekin batera Mendi Tourra antolatu duena, eta Eskoriatzako Udalaren babesa du, Zineuskadi eta Baltistan Fundazioaren laguntzarekin batera.

Mendi Tour Eskoriatza egitaraua:

 

Ekainak 14 asteartea

 

2T ON CHAMLANG: 2015, Espainia, 30min, JB: ES, Karen Hughes. Bilbao Mendi Film Festival-ak primizian estreinatu zuen Karen Sole Hughes-ek zuzendutako filma, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistek eta Juanjo Otazu kameralariak udazkenean Chamlang-era egindako igoerari buruzkoa. WOPEAK espedizioa Nepalgo mendi horren gailurrera iritsi zen urriaren 19an kontrako eguraldi iragarpena izan zuten arren. Tontorra erdiesteko joaldian atzera egiteko iradokitzen zuten hotz ikaragarriari eta haizeteei aurre egin behar izan zieten alpinistek.

 

URZULO: Euskarazko film onena. 2015, Euskal Herria, 35 min, JB: EU, AZP: ES+EN, Xanti Ugarte. Aloña Mendi Espeleologia Taldeak, ura traba zela, bukatutzat emandako kobazuloak berriz esploratuko ditu. Horien artean, Urzulok eman zuen ustekaberik handiena. Sifoi txiki bat zeharkatu ondoren, kobak aurrera egiten du eta esplorazioaren erronkari aurre egin behar diote espeleologoek. Lorpen eta porroten istorioa.

 

ECLIPSE: 2015, Kanada, 31 min, JB: EN, AZP: ES+EU, Anthony Bonello. Negu gorriko bidaia Svalbard-era, Zirkulu Polar Artikoaren gainetik dagoen uhartedira, eskiatzaile baten argazkia ateratzeko eguzki eklipse baten aurrean. Salomonen eskiatzaile taldeak −besteak beste, Cody Townsend, Chris Rubens eta Brody Leven− Reuben Krabbe argazkilariarekin bidaiatzen du. Abenturak bazter izoztuetara eramango ditu, klimatologiari, aldaketa klimatikoari eta euren anbizioei aurre egiten dioten bitartean, bizitzan behin gauzatu daitekeen argazkia lortzeko.

 

A LINE ACROSS THE SKY: Eskaladako film onena. 2015, USA, 40 min, JB: EN, AZP: ES+EU, Josh Lowell. Fitz Roy-ren zeharbidea bilatuenetarikoa da gaur egungo alpinismoan: zazpi gailur eta 4.000 metroko eskalada bertikala dituen bidaia korapilatsua. Nork imajinatu zezakeen hain dibertigarria izan zitekeela? Elkartu zaitez Tommy Caldwell eta Alex Honnold-ekin Urrezko  Pioleta irabaztera eraman zituen bidaia interesgarri - eta batzuetan barregarri- honetan.

Ekainak 16 osteguna

 

PIZTU: Mendi Short irabazlea. 2015, Espainia, 5 min, JB: EUS, AZP: ES, Iñaki Urresti eta Mikel Urresti. Ziurgabetasunean murgiltzen den labirinto batean, eguzkiaren dirdira tarteka baino ikusten ez den toki batean, gure ametsak onartu eta lortzeko ahalegina ez da batere xamurra izango.

 

PANAROMA: 2015, Espainia, 29 min, JB: ES, Jon Herranz eta Gerard Peris. Edu Marín-ek bere bizitzako proiekturik zailena egingo du: "Panaroma", Alex Huber-ek 2007an irekitako bide ospetsua eskalatu 62 urte dituen bere aitarekin, Francisco Marín 'Novato'. Aita eta semea Dolomitetako bihotzean barneratuko dira eta euren bizitzaren agintea hartuko dute aurrekaririk gabeko kirol balentria bat lortzeko eta, beraz, eskaladako mito bihurtzeko.

JEFF LOWE'S METANOIA: Ikuslegoaren saria: 2014, USA, 78 min, JB: EN, AZP: EU, Jim Aikman. Jim Aikman-ek Jeff Lowe alpinista ospetsuaren bizitza kontatzen du: bere igoera utopikoekin eta kirol honen gailurrean izatearekin hasita, mendiko bakarkako eskalada ausartenak eragin zuen gainbeheratik igaroz, gaur egun pairatzen duen endekapenezko gaixotasunera heldu arte. ‘Metanoia’-k, Jeff-en bide imajinaezin berriak (bakarrik, negu gorrian eta Eiger-eko ipar horman), bere bizitza aldatu zuen eta inoiz bizi izan duen abentura handienerako prestatu zuen.

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Gailurra

Everest
 

K2
 

Aconcagua
                     

Ama Dablam

Cervino
     
 

Laguntzailea / Colaborador
  

 Auto ofiziala / Vehículo oficial 

Media Partners
 

© 2021 Mendi Film. Cookies - Legal - Privacy