Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Bilbao Mendi Film Festival

Juanjo San Sebastian-ek WOP Fundazioa Saria 2018 jaso du

Juanjo San Sebastian mendizale eta idazle bilbotarrak jaso du Bilbao Mendi Film Festivalen aurtengo edizioko WOP-The Walk On Project Fundazioa Saria, mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioa saritzen dituena.

Sorpresaz beteriko ekitaldi batean, Juanjoren bizitzaz hitz egin da, umea zenetik, BBKn lan egiten hasi zenean eta alpinismoan izandako ibilaldiaz. Ekitaldia amaitzeko, eszenatokian bere familiarekin zegoela, Francis Díezek, Doctor Deseo, “Corazón de Tango” abestia jo zuen akustikoan.

Bosgarrenez eman da sari hau, eta distiraz betetako zerrendara batuko da Juanjo San Sebastian. Haren aurretik Josep Manuel Anglada, Sir Chris Bonington eta Peter Habeler izan dira sarituak, Jeremy Collins-en Drawn filmaz batera.

 

Mendizaletasunak berezko dituen balioak azaleratzen ditu sari honek: hobetzeko gaitasuna, esfortzua eta talde-lana, eta fideltasuna eta baikortasuna aldaketak lortzeko motor gisa. Juanjo San Sebastianek bere ibilbidearekin sari hau jasotzeko ezaugarri horiek guztiak dituela ebatzi du WOP Fundazioak.

Mendiari estuki lotua dago Juanjo San Sebastian, beti izan da hala. Alpinista, eskalatzailea, idazlea, mendiko espedizioetan alturako espezialista eta kameralaria, dokumentalgilea… Hainbat alorretan aritu izan da mendiari begira. Jendarteko mutila da, lagunartekoa, energiaz betea, eta bere egiten dituen ardurak zintzo burutzen ditu: izan espedizioetan nahiz TVE-ko Al Filo de lo Imposible saioarekin kolaboratu zueneko 15 urteetan, Pagasarri Martxa antolatu duen 27 urteetan, edota 20 urtez han eta hemengo hirietan antolatu izan dituen mendi jardunaldietan –bere “Bilbo kuttunean” egin zituen BBK Mendi Jardunaldiak nabarmenduz-.

Munduko bigarren mendi garaienean, K2-an, bere bizitzako unerik latzenetakoak nozitu zituen: gailurretik bueltan ekaitzak harrapatu zituen, eta hainbat egunez soka-kidea salbatzen saiatu arren, hura eta baita bere eskuko ia hatz guztiak ere galdu zituen. Esperientzia hartan oinarrituta Chogori, la Gran Montaña dokumentala egin zen, mundu osoko mendi zinemaldietan sari ugari lortu zuena, eta baita Cita con la Cumbre eleberria ere, aditu zenbaiten arabera gaztelaniaz sekula idatzi den mendiko libururik onena.

Mendi Film Festivalen 11. edizioan, gainera, Sail Ofizialeko Epaimahaiko kide izan da Aldo Audisio, Emi Ueyama, Jim Herrington eta Suzan Berazarekin batera.

The Walk On Project Fundazioa Saria

WOP-ek lan eta lan dihardu atsedenik hartu gabe, urratsez urrats, gaixotasun neurodegeneratiboen aurka egiten duen ahalegina agertarazten. “Gailur zail batetarako bidearen pare da gaixotasun hauentzako sendabidea aurkitzea, baina mendizaletasunean bezala, daukagun ahalmen guztia indarrean jarriko dugu lortu ahal izateko. Mendiarekin lotura handia dute gidatzen gaituzten balioek: hobetzeko gaitasuna, talde lana, langak apurtzea, bide berriak sortzea”, dio WOP-eko sortzaile den Mikel Renteriak.

 

 

WOP Fundazioa Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistekin mendiko hainbat espediziotan izan da WOPeak proiektuaren bidez. Azkena iaz, 2017an, Gasherbrumetara joan zirenean WOPeak-eko zortzigarren etapan. Mendi gailurrik gabe baina lorpenik handienarekin itzuli ziren handik: bizitza, Valerio Annovazzi italiarrarena, G-IIko 3. kanpalekutik erreskatatu zuten-eta.

Orain kirolarekin lotuta jarraitzen du Fundazioak, eta aurtengo bere erronkak atletismoarekin du zerikusia. WOP Challenge 2018 da erronka hori: maratoiko munduko errekorrak hausten saiatuko da gizon eta emakumez osatutako talde bat, 400 metroko txanda emateak osatuz, Bilboko Gran Vian bertan, irailaren 22an. Ekimen honek kirolaren gorentasuna eta WOPek sustatzen dituen balioak uztartzen ditu.

 

WOP Fundazioaren Sariak Bilbao Mendi Film Festivalean

2018: Juanjo San Sebastián

2017: Peter Habeler. Mendi TV bideoa.

2016: Sir Chris Bonington. MendiTV bideoa.

2015: Josep Manuel Anglada. MendiTV bideoa.

2014: Drawn filma, Jeremy Collins-ena. MendiTV bideoa.

 

Zer da WOP?

The Walk On Project-ek (WOP) hainbat ekintza artistiko, sozial, eta kirol nahiz kultur mailakoak sustatzen ditu bere helburu nagusietara heltzeko: ikerketa proiektuak finantzatu gaixotasun neurodegeneratiboentzat terapiak bilatu ahal izateko; gaixotasun neurodegeneratiboen errealitatearen berri eman eta ikerketaren eta zientziaren aldeko kontzientzia soziala indartu.

http://www.walkonproject.org

 

 

 

Sponsors

Instituciones/Instituzioak/Institutions

Everest

K2
 

Aconcagua
           

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2018 Bilbao Mendi Film Festival. Web by McArra. About Cookies