Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Bilbo mendi zinemagintzaren ardatz bihurtuko da Mendi Film Festivalaren 10. edizioan abenduaren 8tik 17ra

Jon Redondo, Eduardo Martínez, Oihane Agirregoitia, Lorea Bilbao, Jabier Baraiazarra, Gorka Muñoz

Bilbo, 2017ko azaroak 27. Abenduaren 8an hasi eta 17an buka, egungo mendi zinemagintzarik onenaz batera haren inguruko glamour guztiaz gozatzeko aukera aparta ekarriko du Mendi Film Festivalek Bilbora.

Gaur Bilboko Zabalgune eraikinean egin den aurkezpenean, babesle nagusiek eta Mendi Film Festivaleko ordezkariek aurkeztu dute 10. edizioa:

  • Oihane Agirregoitia (Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia)
  • Lorea Bilbao (BFA Euskara eta Kultura Diputatua)
  • Jon Redondo (EJ Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaria)
  • Gorka Martínez (BBK Zuzendaria)
  • Mikel Renteria (The Walk On Project)
  • Eduardo Martínez (BMFF Presidentea)
  • Jabier Baraiazarra (BMFF Zuzendaria)


Jakina den moduan, emakumeek protagonismo handia izango dute zinemaldiko lehen egunetan, abenduaren 9tik 11era. Catherine Destivelle, Lynn Hill, Josune Bereziartu eta Edurne Pasabanek, mahai inguruetarako gidari eta solaskide bikainak izango dituzte: Bernadette McDonald best seller idazlea, Katie Ives Alpinist aldizkari prestigiotsuko editorea, Lara Izagirre zinemagilea, edota Luisa Alonso-Cires Pyrenaica aldizkariko zuzendaria.

Gizonezko alpinista parea ere distiraz arituko da jendaurrean: Peter Habeler izango da aurtengo The Walk On Project omendua, abenduaren 16an larunbatez, eta gainera haren inguruko saio dotorean Juanjo San Sebastianekin solasean arituko da eta bere izeneko filma aurkeztuko du Sail Ofizialean. Bestea Jack Tackle da, bere mendi ibilbidearen errepasoa egingo du Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko egoitzan hitzaldi bat eskainiz abenduaren 13an asteazkenez, eta epaimahaikideetako bat izango da gainera.

Tackle-ekin batera Kanadako Banff mendi zinemaldiko zuzendaria Deb Smythe eta New Yorkeko natura gaien inguruko Wild zinemaldiko zuzendaria Nancy Rosenthal izango dira nazioarteko epaimahaikideak, eta kultura munduko bi euskal pertsonaia batuko zaizkie: Jesus Mari Lazkano artista eta Paul Urkijo zinemagilea.

51 filmek osatuko dute 10. edizioko Sail Ofiziala, denetariko gaiak, estiloak eta jarduerak jorratu eta erakusten dituztenak. Jatorriak ere hainbat: Amerikar Estatu Batuak (9 filma), Kanada (7), Alemania (4), Erresuma Batua (4), Austria (4), Australia (3), Frantzia (3), Italia (2), Argentina (1), Bulgaria (1), Eslovakia (1), Polonia (1), Suitza (1) eta Txina (1), eta baita Erresuma Batua eta Frantzia arteko koprodukzio bat ere.

Espainiako ekoizpenak 8 dira, horietatik 4 euskaldunak: Mikel Peña Sarrionandiaren Aurrera, Luis Arrietaren Bizi II, Iker Elorrietaren Mr Ibex, eta Mattin Zeberioren Zortzi Yukon. Euskal protagonistak dituzten beste hiru filma ere badaude: A4 in Free Pou Anaiekin,  Al otro lado de la cuerda filmako ekoizlea Arkaitz Yurrita da eta baita protagonista ere Ekaitz Maiz, Mikel Zabalza, Unai Mendia eta Eneko Cesarrekin batera, eta Jugando a Escalar filman Andoni Esparta da protagonistetako bat.

Mountain filmak zabalduko du Sail Ofiziala, abenduaren 8an, ostirala, Euskalduna Jauregiko Auditoriumean egingo den Hasiera Ekitaldi berezian (19:30). Jennifer Peedom zuzendariaren lana da, Australiako Ganbera Orkestrak zuzenean musikatzeko sortutako filma. Australian bertan publiko markak ezarri ditu, eta Donostiako Zinemaldiko Savage Cineman parte hartu zuen Mendi Film Festivalekin elkarlanean.

Mendifilmen Sari Nagusia jasotako hainbat zinemagile eta ekoiztetxek parte hartuko dute Sail Ofizialean:

  • Pavol Barabas (Freedom Under Load BMFF 2016), Addicted to Altitude filmarekin
  • Phillip Baribeau (Unbranded BMFF 2015), Charged: The Eduardo García Story filmarekin
  • Sender Films (Valley Uprising BMFF 2014), Above the sea filmarekin
  • Paul Diffley (The Pinnacle BMFF 2010), The Ario Dream, The Quest for Europe's Deepest Cave filmarekin

2017 BMFF Sariak

SARI NAGUSIA Eguzkilorea eta 6.000€
ZUZENDARI ONENA Eguzkilorea eta 3.000€
ARGAZKILARITZA ONENA Eguzkilorea eta 2.000€
GIDOI ONENA Eguzkilorea eta 2.000€
FILM LABUR ONENA Eguzkilorea eta 1.000€
EUSKARAZKO FILM ONENA Eguzkilorea eta 1.000€
EPAIMAHAIAREN SARIA Eguzkilorea eta 1.000€
MENDIKO FILM ONENA Eguzkilorea
ESKALADAKO FILM ONENA Eguzkilorea
KIROL ETA ABENTURA FILM ONENA Eguzkilorea
KULTURA ETA NATURA FILM ONENA Eguzkilorea
IKUSLEGOAREN SARIA Eguzkilorea
MENDI SHORT SARIA Eguzkilorea
WOP SARIA MENDIKO BALIOEN DEFENTSA ETA TRASNMISIO LANARI

 

Alberto Zerain, bereziki, eta Mariano Galván, aurten Nanga Parbat mendian zendutako bi lagun ere gogoan izango ditu antolakuntzak, eta abenduaren 12an gorazarre egingo zaie, haien inguruko ekitaldi batekin.

Bost gune nagusi izango ditu Mendifilmek Bilbon:

  • Sala BBK Sail Ofizialeko estreinaldi guztientzat, Panel Talk eta Mendi Talk saioentzat, Peter Habelerren omenaldirako, eta lehiaketako filma sarituekin abenduaren 17an egingo diren Non Stop saioentzako
  • Azkuna Zentruko Golem Alhondiga zinemetan ere eskainiko da Sail Ofizialeko filmak ikusteko aukera
  • Euskalduna Jauregian Hasiera Ekitaldia egingo da, abenduaren 8an, ostirala
  • Zabalguneko eraikina izango da MendiZaleen bilgunea, Mendi Base Camp, hainbat erakusketa, hitzaldi eta jarduera eskainiko direlarik bertan zinemaldi egun guztietan
  • Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko egoitzan egingo da Jack Tackle-en hitzaldia

Erakusketek espazio horietako batzuez batera, beste berri batzuk ere hartuko dituzte:

  • CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketako ale onenak Bilboko Metroko Alde Zaharreko geltokian eta Sala BBK-n egongo dira ikusgai

*Prentsa grafikoarentzat deialdia: Azaroak 30 osteguna, 11:00etan, Metro Bilbaoko Abando geltokia, Berastegi sarrera

  • Euskal Museoan, Mendia, lirain zapietan fularren erakusketa (azaroak 20tik urtarrilaren 28ra)
  • Rekalde Aretoan, Santi Yañiz argazkilariaren Dronegrafias erakusketa (azaroaren 28tik urtarrilaren 7ra)

*Azaroak 28 asteartea inaugurazioa

  • Zabalguneko Mendi BC-n SUA Edizoak argitaletxearen Montañas de Risa komiki erakusketa (jaialdi egunetan)

Hiru dira aurten eskainiko diren formazio eta ikasketa guneak, Workshopak:

  • Eskalada: jolasa ala kirol olinpikoa? Ekin ikerketa zentrua-ren eskutik oso bogan dagoen gaiari helduko zaio eskalada entrenatzaile adituen eskutik eta eskalatzaile gazteen eskutik. Zabalguneko Mendi Base Camp abenduaren 16an.
  • Filmagintza muturreko baldintzetan. Mendiko eta eskaladako filmagintzan puntako profesionalekin masterclassa eta Canon etxeak babestutako praktika tailerra. Zabalguneko Mendi Base Campean abenduaren 16an.
  • CVCEPHOTO. Mendiko jardueren argazkilaritzari buruz, Club Vasco de Camping Elkarteko arduradunen eta lehiaketako argazkilari saridunen eskutik. Zabalguneko Mendi Base Campean eta Metro Bilbaon, abenduaren 10ean.

Eta aipamen berezia Bilbao Mendi Film Festivaleko 10. edizioko kartel ofizialari: Christoph Jorda argazkilariaren The Lighthouse irudian oinarrituta dago, CVCEPHOTO lehiaketan saritu zuten Mendifilm iragartzeko kartela izateko. Harridura eragiten duen argazkia da, nolatan eskiatzailea eta elurra uztartu litezkeen itsasargi batekin. Bada argazkiaren istorioa eta bere argazkigintza lanaz argibideak emateko Christoph Jorda Bilbon izango da, eta besteak beste CVCEPHOTO Workshopean parte hartuko du, zinemaldiko lehen asteburuan.

Azkenik, gaur eman da ezagutzera Mendi Short 2017ko irabazlea zein den. Alex Areizagaren (Gabiria, Gipuzkoa) Fandango laburmetraiak irabazi du egile amateurrentzako lehiaketaren 4. edizioa, eta filma hori bera abenduaren 16an, larunbata, Sala BBK-ko goizeko saioan proiektatuko da Sail Ofizialeko filmeekin batera. Mendi Short lehiaketan aurkeztutako lanen kalitatea eta sormen maila azpimarratu dituzte epaimahaikideek: Fermin Aio (ikus-entzunezkoen ekoizlea), Joseba Urkiola (ETBko kirol kazetaria) eta Nerea Falagan (Mendi Film Festivaleko produkzio eta komunikazio taldetako langilea).

 

SARRERAK

Bilbao Mendi Film Festivaleko 10. edizioko saio guztietarako sarrerak salgai daude jaialdiko webgunean. Banan banako sarreren eskaintza azaroaren 23an aktibatu zen, eta saio egunean bertan erostea baino %25 merkeago da aurretiaz eskuratzea.
Aurten, nobedade gisa, Sarrera Pack-ak eskaini dira irailetik azarora bitartean, banakako sarrerak eskuratzearekin alderatuz beherapen nabarmena zuten. Arrakasta handia izan du eskaintzak, jaialdi osoko pack-ak eta film sarituen azken eguneko Non Stop saioetako pack-ak agortzeraino. 

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Gailurra
  
 

Aconcagua
                     

Ama Dablam

Cervino
   
 

Laguntzailea / Colaborador
  

 Auto ofiziala / Vehículo oficial 

Media Partners
 

© 2021 Mendi Film. Cookies - Legal - Privacy