Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

PO Mendi Tour Arrasate

MENDI TOUR LAUGARRENEZ ITZULIKO DA ARRASATERA MENDI ETA ABENTURAKO ZINEMARIK ONENAREKIN

Bilbao Mendi Film Festival Debagoienako herri nagusira itzuliko da beste behin zinemaldian proiektatutako mendi, abentura eta muturreko kirolen pelikula onenekin 

 

Maiatzaren 5ean, 19:30etan, Amaia Udal Antzokiak “Icefall”,  “Afterglow” eta saritu eta txalotutako “Valley Uprising” filmak eskainiko ditu jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin

“Valley Uprising” filmak pelikula onenaren Sari Nagusia eta Ikusleen Saria irabazi zituen BILBAO MENDI FILM FESTIVALEKO azken edizioan, eta pelikula erakargarrienetakoa izango da ARRASATEKO MENDI TOURREAN, maiatzaren 5ean, asteartean.

 “Valley Uprising” 2014ko eta 98 minutuko, eta Nick Rosenek eta Peter Mortimerrek zuzendutako film estatubatuarra da. Pelikulak Yosemiteko haranean egindako eskaladaren historia kontatzen du narrazio trebe baten bitartez, sekuentziak artxiboko irudiekin eta eskalatzaile handien elkarrizketekin nahastuta. Alde serioago bat ere sartzen du, Estatu Batuetako kontrakulturaren historiako pasarte garrantzitsuenak eta garai haretako arazo politiko eta sozialak aipatzen dituelako. Hala ere, aldi berean, dibertigarria eta erabat entretenigarria da hasieratik bukaerara arte. Metraje luzeko film hau ikusle guztiei zuzentzen zaie, eskalatzaileei eta eskaladan adituak ez direnei ere. 

“Valley Uprising” pelikulaz gain, “Icefall” eta “Afterglow” metraje laburreko filmak ere proiektatuko dira Arrasaten.

 “Icefall” 4 minutuko eta 2014an produzitutako Joseph  Areddy zuzendariaren lana da. Pelikulak ikusmenerako esperientzia boteretsu eta aberatsa eskaintzen digu: Dani Arnold, Stefan Siegrist, Aljaz Anderle eta beste eskalatzaile ospetsu batzuk era liluragarrian argiztutako eta izoztutako ur-jauziak igotzen, gauez. Zinegile eta kirolarien arteko lankidetza zoragarria Norvegiako izotzeko ur-jauzien edertasun idorrean egindako grabaketan.

Edertasuna ere nagusi “Afterglow” pelikulan. Hori eta misterioa eta eski akrobatikoan munduan dauden lau izar garrantzitsuenak dira metraje laburreko film honen osagaiak.  “Afterglow”k horien nahasketa indartsua eskaintzen digu Columbia Britainiarrean eta Alaskan gauez grabatutako irudietan. Octocopter dronek, azken belaunaldiko kamerek eta LED argiak jantzita daramatzaten eskiatzaileek ilunabarreko distira orain arte ikusi ez dugun moduan erakusten dute. “Afterglow” Nick Waggonerrek zuzendutako 2014ko 12 minutuko ekoizpen estatubatuarra da.

Hiru pelikulak jatorrizko bersioan, ingelesez, eskainiko dira, euskarazko azpitituluekin. Abenduko zinemaldian eta Mendi Tourrean ere euskararen presentzia handitzearen aldeko apustua egiten ari da BILBAO MENDI FILM FESTIVALeko antolakuntza. Euskaraz egiten diren azpititulu kopuruen igoera BILBAO MENDI FILM FESTIVALek ZINEUSKADIrekin duen kolaborazio-akordioaren ondorioa da. ZINEUSKADIk sostengu estrategikoa eskaintzen die ikusentzunezko euskal sektoreko enpresa eta profesionalei euren hedapen eta garapenean, Estatu eta Europa mailan, eta nazioarte mailan.

Zineuskadiren, Besaide Mendi Elkartearen eta Arrasateko Udalaren laguntzaz, emanaldia 19:30etan hasiko da Arrasateko AMAIA UDAL ANTZOKIAN (Otalora Lizentziaduna, 6). Sarrera 5 €.

Hauxe da MENDI TOUR ARRASATEKO programazioa:

·      “Icefall” (SUITZA, 2014, 4’, jatorrizko bertsioan, ingelesez, euskarazko azpitituluekin)

·       “Afterglow” (AEB, 2014, 12’, jatorrizko bertsioan, ingelesez, euskarazko azpitituluekin)

·       “Valley Uprising” (AEB, 2014, 98´, jatorrizko bertsioan, ingelesez, euskarazko azpitituluekin)

Mendi Tourraren hurrengo emanaldiak Donostian (maiatzaren 11an eta 14an) eta Azpeitian (maiatzaren 26an eta 28an).

 

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Gailurra
  
 

Aconcagua
                     

Ama Dablam

Cervino
   
 

Laguntzailea / Colaborador
  

 Auto ofiziala / Vehículo oficial 

Media Partners
 

© 2021 Mendi Film. Cookies - Legal - Privacy