Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Pelikulak, erakusketak, hitzaldiak, epaimahaia... Honela dator 16. Mendi Film!

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren 16. edizioan 57 pelikula proiektatuko dira, 3 erakusketa eskainiko dira, 4 hitzaldi, WOP Mendi Film saria emango zaio Edurne Pasabani, IAMF Sari Nagusia jaso duen Eliza Kubarskaren "K2 Touching the sky" programatu da, Yhabril argazkilariak masterclass bat emango du, eta mendiko zinemaren industriaren inguruko jardunaldi bat burutuko da.

PELIKULAK

Bilbo mendiko zinemaren munduko hiriburu izango da abenduaren 8tik 17ra. Europa, Ipar Amerika, Asia eta Ozeaniako 15 herrialde ordezkatuz 57 pelikula proiektatuko dira Mendi Filmen 16. edizioan. Horietatik 51 dira Sail Ofizialean parte hartuko dutenak, sarietarako hautagaitzan. Beste 4 lehiaz kanpoko Zabalandi sailean aurkeztuko dira: "Corpórea", "El fin de la eterna primavera", "Konfiantza itsua" eta "Leizeta".

2015eko "K2 touching the sky" Eliza Kubarskarena ere programatu da Mendiko Zinemagintzaren alde diharduen nazioarteko elkargoaren IAMF Sari Nagusiaren aitortzan. Eta "Oinez" estreinatuko da, iaz Mendi Film Bizkaia Ternua  Beka jaso zuen proiektuaren pelikula.

Egunez eguneko programazioaren berri ematea eta, horrez batera, sarrera salmentaren aktibazioa, azaro erdialdera egingo dira.

 

EPAIMAHAIA

Bost kidez osatutako nazioarteko Epaimahaiak baloratuko ditu Sail Ofizialeko lanak: Eliza Kubarska bera (Polonia) zinegile eta alpinista; Michael Pause (Alemania) kazetari, produktore eta idazlea; Patricia Ayala (Colombia) zinegile, ekoizle eta gidoilaria; Nerea Alberdi (Euskadi, Bilbo) konpositore, orkestratzaile eta arreglista; eta, Juantxo Zeberio Etxetxipia (Euskadi, Tolosa) konpositore, konposatzaile eta arreglista.

24.800 euro banatuko dira 12 saritan:

  • Sari Nagusia: “Eguzkilore” garaikurra eta 6.000 euro
  • Zuzendari Onena: “Eguzkilore” garaikurra eta 3.000 euro
  • Gidoi Onena: “Eguzkilore” garaikurra eta 2.000 euro
  • Argazkilaritza Onena: “Eguzkilore” garaikurra eta 2.000 euro
  • Epaimahaiaren Saria: “Eguzkilore” garaikurra eta 2.000 euro
  • Soinu Banda Onenaren Saria: “Txalaparta” garaikurra eta 2.000 euro
  • EITB Saria Euskarazko Film Onenari: “Eguzkilore” garaikurra eta 2.000 euro
  • Mendiko Film Onena: “Eguzkilore” garaikurra eta 1.200 euro
  • Eskaladako Film Onena: “Eguzkilore” garaikurra eta 1.200 euro
  • Kultura eta Natura Film Onena:“Eguzkilore” garaikurra eta 1.200 euro
  • Kirol eta Abentura Film Onena:“Eguzkilore” garaikurra eta 1.200 euro
  • Film Labur Onena: “Eguzkilore” garaikurra eta 1.000 euro

 

ERAKUSKETAK

Argazki eta artelan ederrekin hiru erakusketa nagusik jantziko dute Bilbo azaroan hasi eta urtarrilera bitarte: "HARRI, ORRI, ARkatz" eskalada krokisen erakusketa Mariaren Bihotza plazako Aztarnategian (azaroak 24tik urtarrilaren 7ra); CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketako 20 lan sarituen erakusketa Sala BBK aretoan (abenduaren 9tik 14ra); eta, "Yhabril. Luz, montaña, ¡acción!" Yhabril outdoor argazkilari bilbotarraren tamaina handiko 20 lan onenen erakusketa Bilboko Metroko geltokietan (azaroak 15etik abenduaren 30era).

 

HITZALDIAK

Pelikulez eta erakusketez gain, hainbat hitzaldi eskainiko dira zinemaldiko egunetan: CVCEPHOTO lehiaketaren 9.edizioko lan sarituen inguruan antolatu dena (abenduak 9); "HARRI, ORRI, ARkatz" erakusketarekin lotuta publikatu den "Artea eskalada krokisetan" liburuaren aurkezpena (abenduak 9); Eduardo Martínez de Pisón geografo, bidaiari eta mendizalearen "Lo que ví en las montañas" hitzaldia";  eta, "Gailurra! Komikia eta mendia", Kike Infame komikizale ezagunak gidatuta.

 

WOP MENDI FILM eta IAMF GRAND PRIZE

Bi ekitaldi seinalatu egingo dira horrez batera: batetik, Edurne Pasaban alpinista eta enpresariak WOP Mendi Film 2023 Saria jasoko du jaialdiko Hasiera Ekitaldian, abenduaren 8an, Euskalduna Jauregian; bestetik, Eliza Kubarskari aitortza egingo zaio bera baita aurten IAMF Sari Nagusia jaso duena -Mendiko Zinemaren alde diharduen nazioarteko elkargoaren sari gorena-, eta hark zuzendutako "K2 touching the sky" (Zuzendari onenaren saria 2015eko Mendi Filmen) programatu da Sala BBK aretoan abenduak 12 gaueko saioan.

 

MENDI PRO

Mendiko zinemagintzaren industriaren inguruko jardunaldi aberats bat ere antolatu da aurtengo ediziorako, era batera edo bestera sektorean lan egiten duten profesionalei eta industria honetan murgildu nahi duten zaleei zuzendua.

Eliza Kubarska, Dani Salas eta Heather Mosher zuzendariek hitzaldi bana eskainiko dute bertan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Ogasunak zinemagintzan jarduteko dituzten laguntzak eta pizgarri fiskalak aurkeztuko dituzte, eta Mendi Film Bizkaia Ternua Bekaren proiektuak estreinatu eta aurkeztuko dira (iazko beka jaso zuen "Oinez" pelikula estreinatuko da, 2024koa jaso duen proiektua aurkeztuko da, eta 2025ko deialdia zabalduko da).

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Gailurra
  
 

Aconcagua
                     

Ama Dablam

Cervino
   
 

Laguntzailea / Colaborador
  

 Auto ofiziala / Vehículo oficial 

Media Partners
 

© 2021 Mendi Film. Cookies - Legal - Privacy