IÑAKI ANTIGÜEDAD - ARANTZA ARANBURU - EÑAUT IZAGIRRE

Astelehena abenduak 7 – 19:00 Euskalduna

Askotariko protagonistak daude mendiko filmetan: gailurrak, paretak, errekak, pertsonak... Baina badira beti foku horietatik ezkutuan gelditzen diren izenik gabeko izanak, paisaiaren zergatia azaltzen dutenak. Iñaki Antigüedad, Arantza Aranburu eta Eñaut Izagirrek mendia eta natura ikusteko eta ulertzeko bestelako modu bat proposatuko digute solasaldi honetan.

Iñaki Antigüedad Auzmendi

Zientzia Geologikoetan doktorea da eta Kanpoko Geodinamikako katedraduna UPV/EHUn. “Hidro/Ingurumeneko Prozesuak” Talde Finkatuaren arduraduna. Ura ardatz hartzen duten proiektu askotan da ibilia, ingurune glaziarretan ere. Euskal Herriko ur-baliabideetan klima-aldaketak izan ditzakeen ondorioak ari da ikertzen. Azken urteotan Karakorum mendikatean ari da, taldeko beste kide batzuekin batera, hango komunitateentzat arrisku diren prozesu geomorfologiko-glaziologikoak aztertzen.

Arantza Aranburu Artano

Zientzia Geologikoetan doktorea da, eta Petrologia eta Geokimikako irakasle titularra UPV/EHUn. “Hidro/Ingurumeneko Prozesuak” Talde Finkatuaren partaide, ingurune sedimentario ezberdinetan gordetako erregistro geologikoa du aztergai. Azkeneko milioi urte batzuetatik gaurdaino Euskal Herriko errekek eta itsasoaren gora-beherek utzitako aztarnak, zein kobazulo ezberdinetako (Atapuerca, Nerja, edo Euskal Herriko hainbat) sedimentu eta espeleotemak ditu jomuga, horietan guztietan klima-aldaketak izan duen eragina ezagutze aldera. Azken urteotan Karakorum mendikatera ere gerturatu da, taldeko beste kide batzuekin batera, hango komunitateentzat arrisku diren prozesu geomorfologiko-glaziologikoak aztertzera.

Eñaut Izagirre Estibaritz

Geografian lizentziatua UPV/EHUn eta Glaziologiako masterra egin zuen Magallanesgo Unibertsitatean (Txilen). Egun, bere doktoretza proiektua burutzen dihardu UPV/EHUko Geologia Sailean eta “Hidro/Ingurumeneko Prozesuak” Talde Finkatuaren beste hainbat proiektutan ari da parte hartzen. Txikitatik mendizalea izan da eta inguru naturalak ditu gustuko; betidanik izotzei, glaziarrei eta goi-mendiei arreta jarriz. 2015ean National Geographic-en laguntza lortu zuen “Incognita Patagonia” proiektua aurrera eramateko eta espedizio hartako pelikula 2016ko Mendi Film-en aurkeztu zuen Ibai Ricorekin batera.