Larunbata 15 – 19:30 Sala BBK
Aurten, Walk On Project (WOP) saria Juanjo San Sebastiánek jasoko du, alpinista moduan egin duen ibilbide oparoagatik ez ezik, baita bizitzaren eta gizartearen esparru ugaritan egin duen lanagatik ere. Euskal Herrian alpinista oso maitatua eta goretsia da Juanjo, eta aurreko urteetan WOP sari hau jaso zuten Josep Manuel Anglada, Sir Chris Bonington eta Peter Habelerren urratsei jarraituz, bera izango da aurten ohorezko sari hau jasoko duena. The Walk On Project Fundazioak, Bilbao Mendi Film Festival jaialdiarekin batera, egiten duen aitortza honek alpinisten ibilbide pertsonala nabarmentzen du; bizitzan zehar, oztopoak gainditzeko ahalmena, ausardia, talde-lana, konpromisoa, zintzotasuna, adiskidetasuna eta beste hainbat balioren eredu izan diren alpinisten ibilbidea, hain zuzen ere.
Juanjo San Sebastián Euskal Herriko alpinistarik goraipatuenetako bat da. Hainbat lanetan aritu da bizitzan zehar: mendiko espedizioetan espezialista eta altuerako kamerari, dokumentalen gidoilari eta zuzendari, Espainian sortutako goi-mendiko gidarien lehen eskola-tailerreko zuzendari tekniko, eta Kutxabankeko Irudi eta Publizitate saileko langile, besteak beste. Baina Juanjoren bizitza hori baino askoz gehiago da: arlo sozialean, adibidez, hainbat lan egina da, dela txistulari dela sindikalista moduan, eta goi-mendian, K2 izan da bere ibilbide alpinoaren ardatza. Han bizi izan zuen bere bizitzako esperientziarik gogorrenetakoa, han galdu zuen sokalaguna eta eskuko hatz gehienak. Jakin Juanjo San Sebastiánen bizitzako xehetasun ezezagunenen berri.