Larunbata 15, Sala BBK 11:30
Estreinaldia 2019ko irailerako aurreikusita badago ere, Pablo Iraburuk eta Migueltxo Molinak Arena Comunicación ekoiztetxearen hurrengo proiektua aurkeztuko dute: “Cholitas”.
Egitasmo dokumental honek espedizio oso berezi baten nondik norakoak azaltzen ditu. Jomuga, Amerikako mendirik altuena da: Aconcagua. Boliviako hainbat emakume indigena dira espedizioko kideak. Haien irudia harrigarria da, izotz hormetan gora eginez, kolore biziko gona tradizionalak soinean dituztela. Eskalatzaile soilak baino gehiago dira, emakume ausartak dira; eta mendia, haientzat, askatasunerako lurralde bat da, zoriontsu eta bizirik sentitzeko eremua.