Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiak pandemia edizioa arrakastaz burutu du zine eta mendi zaleen babesarekin

Eduardo Martinez eta Jabier Baraiazarra, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia mendi zinemaldiko Presidentea eta Zuzendaria atzo Euskalduna Jauregian 13. edizioko itxiera ekitaldian

Bilbo, 2020ko abenduak 14. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia nazioarteko mendi zinemaldiak arrakastaz burutu du 13. edizioa. Pandemiaren ajeak uxatu eta 10 egunetan 5.578 ikuslek jo dute Bilboko Euskaldunan, Sala BBK-n eta Golem zinemetan eskainitako saioetara.

Orotara 41 saio egin dira, eta eskainitako edukieraren %83 bete da. Osasun eta segurtasun neurri guztiak ezarriz, Euskaldunan 300 ikusleko edukiera eskaini da, Sala BBK-n 120 ikuslekoa eta Golem Zinemetan 120koa. Edukiera betetze portzentajea Mendi Filmek bere 13 urteko historian izan duen onena da, azken bi edizioetako %70 ingurukoa gaindituz.

Mendi zinemaldien nazioarteko jaialdietan saio presentzialak eskaini dituen bakanetakoa izan da aurten, eta zinegileek nahiz ekoiztetxeek asko baloratu dute hori. Haien guztien izenean, eskerrik zintzoena adierazi nahi die Mendi Filmek ikusle gisan festibalari babesa eskaini dion orori.

"Pandemiak munduko mendiko zinemaldietan ere eragina izan du. Horietako asko bertan behera geratu edo atzeratu egin dira. Ateak irekitzeko adorea izan duen jaialdi bakarra Bilboko (Espainia) 10 eguneko BBK Mendi Nazioarteko Zinemaldia izan da. Mundu osoko mendiko zinematografia eta kulturaren topaleku bihurtu da", Pavol Barabás, 2020ko Publikoaren Saria irabazi du 'Everest-The hard Way' lanagatik, 2016ko Sari Nagusia 'Freedom Underload' filmarekin, eta International Alliance for Mountain Film Grand Prize 2011.

Izan ere, helburu horrekin egin du aurrera Mendi Filmeko lan taldeak, mendi zinemako eragileek euren lanak argitaratzeko eta erakusteko zuten beharrari erantzunez.

Mendiko Kulturaren inguruko gaiak jorratzen dituzten 57 film eskaini dira 13. edizioan -18 herrialde ordezkatuz-. Sail Ofizialeko Sari Nagusia eskarmentu handiko zinegile batek irabazi du, Michael Dillon australiarrak, Sir Edmund Hillaryren azken bidai handiari buruzko filmarekin: “Hillary – Ocean to Sky”. 

Guztira 13 sari banatu ditu aurtengo epaimahaiak: Asier Altuna zinegilea, Paula Olaz konposatzailea, Itziar Garcia zine ekoizlea, Iwona Zielinska-Sasiada poloniar kultura institutuko proiektu koordinatzailea, eta Jon San Sebastian ikus-entzuneko ikaslea. Filmen kalitatea “oso ona” izan dela azpimarratu dute, eta aurtengo palmares osoa aho batez adostu zuten. Ikuslegoaren Saria, berriz, beste zinegile erreferente baten lanak jaso du: Pavol Barabas eslovakiarraren “Everest – The Hard Way” filmak.

Mundu mailako 7 estreinaldi eta Europa mailako bat egin dira. Eta ia filma guztiak lehenengo aldiz erakutsi dira Espainian (programatu direnen %91a).

Eta nazioarteko zinegile eta atleten faltan, gertuko pertsonaia ezagunak izan dira protagonista:

  • Protagonistak: Felipe Uriarte, Juanjo San Sebastian, Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza, Juan Vallejo, Mikel Sarasola, Gregorio Ariz, Txomin Uriarte, Pou Anaiak…
  • Zuzendari, ekoizle eta konpositoreak: Lara Izagirre, Aner Etxebarria, Pablo Vidal, Ruben Crespo, Iñaki Peña, Eider Ballina, Telmo Basterretxea, Romain Jamet, Santi Ron, Daniel Fernández, Josué Vergara, Eñaut Zubizarreta, Migel Zeberio, Luis Arrieta…
  • Hizlariak: Iñaki Antiguedad, Arantza Aranburu, Eñaut Izagirre, Iwona Zielinska-Sasiada, Antxon Iturriza, Pedro Ibarra, Ramon Olasagasti, César Llaguno, Elena Sagaseta de Ilurdoz, Ana Azpilicueta…

Mendiko Kulturaren gerizpean, hiru liburu berri aurkeztu dira festibalean:

  • “Iñurrategi Anaiak, Mendiari Bihotz Emanak”, SUA argitaletxea eta Mendi Filmen elkarlana, Iñurrategi anaien mendi ibilbidea eta haiek erakutsi izandako balioak komiki eran islatzen dituena; Ramon Olasagastik idatzi eta Cesar Llagunok marraztua.
  • “Cuanto es Mucho Tiempo, Retazos del Camino”, Juanjo San Sebastianen liburu berria, haren bizi esperientziei buruzkoa, Desnivelek argitaratua.
  • “Iñakiren Abenturak Himalaian – Las Aventuras de Iñaki en Himalaya”, SOS Himalayako Elena Sagaseta de Ilurdozek idatzitako ipuina, Ana Azpilicuetaren marrazkiak dituena.

 

WOP-The Walk On Project Saria 2020 Baltistan Fundazioak jaso du, 20 urteko nazioarteko kooperazio lanaren eta eskuartean dituzten etorkizuneko proiektuen aitortzan.

Programazio honi guztiari, on-line egin den eskaintza batu zaio aurten, eta formula arrakastatsua izan da. Pandemia egoerak eragindako mugikortasun mugek batetik, eta zerbitzu berriak mendiko filmak ikusi ahal izateko eman dituen erraztasunek bestetik, ikusle asko erakarri dituzte. Mendi Filmeko edukiak online alokairu plataformen bidez disfrutatzeko modu berriak onarpen eta erabilpen handia izan du. 

2021era begira, Mendi Tour zirkuituko agenda itxuratzen hasita dago jada, urtarriletik bertatik izango da amaitu berri den Mendi Film edizioko pelikula onenen eskaintzaz gozatzeko aukera han eta hemen. Eta 2021eko abenduko Bilboko hitzordu nagusiak ere baditu datak: 2021eko abenduaren 3tik 12ra egingo da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 14. edizioa.

 

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 13. edizioa datuetan 

  • 10 eguneko zinema jaialdia (abenduak 4-13)
  • 578 ikusle
  • 22 saio Golem Alhondiga zinemetan
  • 10 saio Euskalduna Jauregian
  • 9 saio Sala BBK-n
  • 57 film, jatorriz 18 herrialde
  • 175 film izena emanda, sail ofzialean sartzeko hautagaitzan
  • WOP Sari berezia: Baltistan Fundazioa
  • CVCEPHOTO mendiko jardueren argazki lehiaketako erakusketa: Zabalgune eraikina, eta Metro Bilbao (Abando, Moyua, Indautxu eta Santi Mami-San Mames)

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Gailurra

Everest
 

K2
 

Aconcagua
                     

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2021 Mendi Film. Cookies - Legal - Privacy