Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

BALTISTAN FUNDAZIOA

BALTISTAN FUNDAZIOA: ALBERTO IÑURRATEGI & PEDRO IBARRA

Larunbata abenduak 5 – 19:00 Euskalduna

Baltistan Fundazioa nazioarteko lankidetzako GKE bat da, eta Baltistanen Hushe ibarreko komunitateetako pertsonen garapen pertsonal, integral eta endogenoaren alde aritzen da. “Mendizaletasunean elkartasuna bide” da bere leloa. Fundazioa 2001ean sortu zen Felix Iñurrategi mendizalearen omenez. Garapen integralean laguntzen du: neska-mutikoek jasotzen duten hezkuntzaren hobekuntzaren alde eta ibarreko osasun zerbitzuen hobekuntzaren alde lan eginez, biztanleen ezagutzak eta gaitasunak areagotuz eta garapen sozioekonomikoa areagotzeko pertsonen gaikuntza bultzatuz; bestalde, tokiko eragileekin lankidetza errespetu osoz bermatzen du eta garapen endogenoa sustatzen du.

IÑURRATEGI ANAIAK MENDIARI BIHOTZ EMANAK

RAMÓN OLASAGASTI - CÉSAR LLAGUNO - FELIPE H. NAVARRO

Larunbata abenduak 5 – 19:00 Euskalduna

“Iñurrategi anaiak. Mendiari bihotz emanak” komikiak Felix eta Alberto Iñurrategiren mendi ibilbidea jasotzen du, funtsean, baina ez hori bakarrik. Euskal Herrian inoiz izan den sokada indartsuenetako bat osatu zuten bi anaiek, eta ibilbide dotorea egin zuten elkarrekin, mendi bakoitzean pizgarri bat bilatuz: konpromisozko bideak, estilo arin eta azkarrak, lerro estetikoak… Betiere nondik eta nola lehenetsiz gailurraren gainetik. Gasherbrum II-an, hamabigarren zortzimilakoaren gailurra jo eta behera zetozela, zorigaiztoko istripu batean hil zen Felix, orain 20 urte. Haren heriotzak zartatuta, erabat hunkituta utzi zuen Euskal Herri osoa. Albertok, beste lagun batzuen sokara lotuta, osatu zituen hamalau zortzimilakoak, eta jarraitzen du bidea egiten. Eta Felixen oroimenez biziberritu zen Baltistan Fundazioak ere jarraitzen du herri menditar hartan lan eskerga egiten. Hain zuzen, fundazioaren lan hori du komikiak beste ardatzetako bat. Hala, biek elkarri bihotz ematen jarraitzen dute, mendiak mendizaleari, eta mendizaleak mendiari.

CUÁNTO ES MUCHO TIEMPO. RETAZOS DEL CAMINO

JUANJO SAN SEBASTIÁN

Igandea abenduak 6 – 19:00 Euskalduna

Juanjok hainbat baliabide erabili ditu “Cuánto es mucho tiempo” idatziz, bere bilakaera propioa jorratzeko: hainbat hedabidetan argitaratutako artikuluak, eskutitz batzuk, tiraderako testuak eta barruan gordeta zeramanetik asko. Bere iragana, orainetik begiratuta. Iraganean izan zena, orain dena izateko, bidelagun eskuzabalak eta Jon semea aintzat hartuz.
Oinetakoak, mendiko botak edo katu-oinak jantzita, kanoan nabigatzen, eskien gainean irristatzen edo zerua zeharkatzen, eraikin zaharren bat berreraikitzen edo testu zaharrak hitz berriekin lotzen, Juanjok iraganetik etorkizunera eramango du irakurlea umorez, gordintasunez eta samurtasunez.

MENDIKO FILMEN GEO-ESENTZIA

IÑAKI ANTIGÜEDAD - ARANTZA ARANBURU - EÑAUT IZAGIRRE

Astelehena abenduak 7 – 19:00 Euskalduna

Askotariko protagonistak daude mendiko filmetan: gailurrak, paretak, errekak, pertsonak... Baina badira beti foku horietatik ezkutuan gelditzen diren izenik gabeko izanak, paisaiaren zergatia azaltzen dutenak. Iñaki Antigüedad, Arantza Aranburu eta Eñaut Izagirrek mendia eta natura ikusteko eta ulertzeko bestelako modu bat proposatuko digute solasaldi honetan.

Iñaki Antigüedad Auzmendi

Zientzia Geologikoetan doktorea da eta Kanpoko Geodinamikako katedraduna UPV/EHUn. “Hidro/Ingurumeneko Prozesuak” Talde Finkatuaren arduraduna. Ura ardatz hartzen duten proiektu askotan da ibilia, ingurune glaziarretan ere. Euskal Herriko ur-baliabideetan klima-aldaketak izan ditzakeen ondorioak ari da ikertzen. Azken urteotan Karakorum mendikatean ari da, taldeko beste kide batzuekin batera, hango komunitateentzat arrisku diren prozesu geomorfologiko-glaziologikoak aztertzen.

Arantza Aranburu Artano

Zientzia Geologikoetan doktorea da, eta Petrologia eta Geokimikako irakasle titularra UPV/EHUn. “Hidro/Ingurumeneko Prozesuak” Talde Finkatuaren partaide, ingurune sedimentario ezberdinetan gordetako erregistro geologikoa du aztergai. Azkeneko milioi urte batzuetatik gaurdaino Euskal Herriko errekek eta itsasoaren gora-beherek utzitako aztarnak, zein kobazulo ezberdinetako (Atapuerca, Nerja, edo Euskal Herriko hainbat) sedimentu eta espeleotemak ditu jomuga, horietan guztietan klima-aldaketak izan duen eragina ezagutze aldera. Azken urteotan Karakorum mendikatera ere gerturatu da, taldeko beste kide batzuekin batera, hango komunitateentzat arrisku diren prozesu geomorfologiko-glaziologikoak aztertzera.

Eñaut Izagirre Estibaritz

Geografian lizentziatua UPV/EHUn eta Glaziologiako masterra egin zuen Magallanesgo Unibertsitatean (Txilen). Egun, bere doktoretza proiektua burutzen dihardu UPV/EHUko Geologia Sailean eta “Hidro/Ingurumeneko Prozesuak” Talde Finkatuaren beste hainbat proiektutan ari da parte hartzen. Txikitatik mendizalea izan da eta inguru naturalak ditu gustuko; betidanik izotzei, glaziarrei eta goi-mendiei arreta jarriz. 2015ean National Geographic-en laguntza lortu zuen “Incognita Patagonia” proiektua aurrera eramateko eta espedizio hartako pelikula 2016ko Mendi Film-en aurkeztu zuen Ibai Ricorekin batera.

POU ANAIAK: MUTURREKO ESKALADA PANDEMIA GARAIAN

ENEKO & IKER POU

Ostirala abenduak 11 – 19:00 Euskalduna

20 urteko ibilbidean, Eneko eta Iker Pou anaien iparra beti izan dira proiektu berritzaileak. Mundu osoan barrena ehunka abentura bizitu dituzte, azkenak COVID-19 pandemia garai bete-betean. Udaberriko itxialdiak ez zituen euren gogoak kamustu; areago, inspirazioz eta eskalada gosez gainezka atera ziren hartatik. Mundu bertikal batean adrenalina, bide eta erronka berriak zein askatasuna bilatzea dira haien mantrak, eta horixe lortu izan dute aurten ere, bere ibilbide osoan bezala.

SHAKHAUR '76 - EVEREST '80 EUSKAL ETA POLONIAR HIMALAISMOA SENIDETUTA

LUIS ARRIETA - GREGORIO ARIZ - IWONA ZIELINSKA - ANTXON ITURRIZA - TXOMIN URIARTE

Larunbata abenduak 12 – 18:00 Sala BBK

Martin Zabaletak Everest zapaldu baino lau urte lehenago (1980), mendizale talde bat Iruñeko Udal Plazatik Shakhaur mendiaren gailurrera (Hindu Kush – Afganistan, 7.116 m) abiatu zen, euskaldunen lehen zazpimilakoa izan zena. "Mendiak 1976" da euskal himalaismoaren mugarri hura gogora ekarri nahi duen film-proiektua, euskal mendi zinemagintzako altxor preziatuenetakoa den "Agur Everest" filmaren altzoan bilduko dena. Espedizio aitzindari haien inguruan gainera, poloniar mendizaletasunaren eta euskal mendizaletasunaren arteko senidetasun berezia sortu zen. Aro hark badu ikur berezi bat, ondo baino hobeto gorde izan dena, eta Mendi Filmen erakutsiko dena: Juan Pablo II.a Aita Santuak bedeinkatutako arrosarioa, Krzysztof Wielicki eta Leszek Cichy poloniarrek Everest gailurrean utzi zutena 1980ko otsailean neguko lehen igoera osatu ondoren, eta handik hiru hilabetera Martin Zabaletak berreskuratu zuena euskal espedizioaren arrakastaren erakusle gisa.

LAS AVENTURAS DE IÑAKI EN HIMALAYA

ELENA SAGASETA DE ILÚRDOZ

Larunbata abenduak 12 – 18:00 Sala BBK

Mendi bat igotzea oin bat bestearen atzean jartzea baino zerbait gehiago da. Igoera bakoitzaren atzean motibazio eta estimulu ugari daude, eta Iñaki Ochoa de Olza halakoez betetako mundu batean zehar ibili zen, erabat gogobeteko zuen lekuaren bila. Azkenean, Himalaia mendilerroa hartu zuen maitaletzat, ez haren tontor zoragarriengatik soilik, baita hango jendearengatik ere. Ipuin honekin Iñaki apur bat gehiago ezagutuko duzu. Bere ametsetan barneratuz eta munduko gailurrik garaienetan barrena harekin bidaiatuz, uler litezke Himalaiako jendeek Iñakiri bihotza lapurtu izana eta SOS Himalaya Fundazioa sortu izana.

WOP SARIA

BALTISTAN FUNDAZIOA

Larunbata abenduak 5 – 19:00 Euskalduna

Baltistan Fundazioak jasoko du BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiaren 13. edizioko WOP Saria. Nazioarteko lankidetzako gobernuz kanpoko erakundea da, Pakistaneko Karakorum mendi lerroan lan egiten duena. Alpinistek sortua, duela 20 urtetik hona, inguru hari eta bertako biztanleei begirada konprometitua eskaintzen die. Alpinismoaren balioen defentsa aitortuz ematen da WOP Saria, eta Baltistan Fundazioak ondokoen lekukoa hartuko du: Nives Meroi eta Romano Benet (2019), Juanjo San Sebastian (2018), Peter Habeler (2017), sir Chris Bonington (2016) eta Josep Manuel Anglada (2015).

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Everest

K2
 

Aconcagua
                    

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2019 Bilbao Mendi Film Festival. Web by McArra. About Cookies