Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Baltistan Fundazioak jasoko du aurtengo WOP Saria

Baltistan Fundazioa sarituko da aurtengo BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdian WOP-The Walk On Project Sariarekin. Nazioarteko lankidetzako Gobernuz Kanpoko Erakundea da, Pakistaneko Karakorum mendi lerroan lan egiten duena. Mendifilmen 13. edizioan, abenduaren 4tik 13ra, Bilbon, egingo da sari banaketa ekitaldia.

Alpinismoaren balioen defentsa aitortuz ematen den saria da, eta WOP Fundazioak 7. urtez jarraian emango du, Mendifilmen. "Gure ustez, Baltistan Fundazioak gutxik bezala islatzen du konpromisoa zentzu zabalean, jarduera alpetarra garatzen den testuinguruan", nabarmendu du Mikel Renteria WOP-eko zuzendari nagusiak.

Pakistan eta Himalaya mendikatea kirol eta alpetar balentria handien lekuko izanik, Baltistan Fundazioak, alpinistek sortua, duela 20 urtetik hona inguru hari eta bertako biztanleei begirada konprometitua eskaintzen die. "Elkartasuna, konpromisoa eta gure bizitza eta pasioen inguruan ditugun beharren jabe izanez bizitzeko era hori balioesten dituzte WOP Fundazioak eta Mendifilmek sari honekin", azpimarratu du Renteriak.

Baltistan Fundazioak gure lurretik bultzatutako eta Pakistanen garatutako hainbat proiekturekin egiten du lan, ingurumenaren, laneratzearen, hezkuntzaren, duintasunaren, emakumearen eta osasunaren arloetan, besteak beste. "Horregatik jasoko du 2020ko saria, berea bezalako adibideak oso beharrezkoak direlako egun mundu mailan bizi dugun testuinguru berezian", dio Renteriak.

 

WOP Saria-BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia aurreko sarituak:

 

Baltistan Fundazioa nazioarteko lankidetzako GKE bat da, Baltistanen, Pakistango iparraldean lan egiten duena, Hushe ibarreko komunitateetako pertsonen garapen pertsonal, integral eta endogenoaren alde. Mendizaletasunaren munduan erreferentziazko erakundea da eta bere leloa da: Elkartasunean mendia bide.

Fundazioa 2001ean sortu zen Felix Iñurrategi-Baltistan Fundazioa izenarekin, Karakorumeko zortzi mila metroko mendietako batean, Gasherbrum II-an hain zuzen, hil zen Felix Iñurrategi mendizalearen omenez. Sortzaileak bere lagunak, senitartekoak eta mendizaleak izan ziren eta hasiera batean oso helburu zehatzik gabe sortu bazen ere, garbi zuten hango biztanleentzat beharrezko azpiegiturak eraikitzeaz gain ezinbestekoa zela bertako giza-emakumeei euren gaitasunak lantzeko aukerak eskaintzea, garapen ekonomiko jasangarri eta berdintzaile berezkoa sustatu eta kudeatzeko gai izan zitezen.

Baltistan Fundazioak garapen integralean laguntzen du neska-mutikoek jasotzen duten hezkuntzaren hobekuntzaren alde lan eginaz, baita Ibarreko osasun zerbitzuen  hobekuntzaren alde, eta biztanleen ezagutzak eta gaitasunak areagotuz,  garapen sozioekonomikoa areagotzeko pertsonen gaikuntzaren bidez. Gainera, emakumeen ahalduntze prozesuak, eta gizonen eta emakumeen arteko eskubideak eremu guztietan (hezkuntza, osasuna, kultura eta autonomia pertsonala) parekatzea bideratzen du.

Tokiko eragileekin batera egiten du lan, errespetu osoz eta garapen endogenoa sustatuz. Tokiko talde, komite eta elkarte desberdinekin koordinatzen da, tartean Felix Foundation Baltistan (FFB), Ibarreko pertsonez soilik osatutako erakundea. Garapeneko eragile bezala, dagokion autonomia eta mendizaletasunaren printzipioekin bat datorren funtzionamendua sustatzen saiatzen dira. 

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Everest

K2
 

Aconcagua
                    

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2019 Bilbao Mendi Film Festival. Web by McArra. About Cookies