Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

“Into the Light”: Argia ikusarazten duen irudia 2020ko Mendi Filmerako

Sandi Bertoncelj argazkilari esloveniarraren “Into the Light” da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiko aurtengo irudi ofiziala. Club Vasco de Camping Elkartearen CVCEPHOTO Lehiaketan irabazi du sari hori, beraz Mendi Filmeko iruditeria osoko oinarria izango da.

Kanin mendian, Juliotar Alpeetako mendikatean, Eslovenia eta Italiako mugan, hartutako argazkia da. Esloveniar isuriko maldetan, eskiatzailea gora ari da, zuzen eta irmo, mendi gainetik indarrean ageri den eguzki argia jomuga balu bezala. Energia baikorrez betetako mezua du argazkiak: “Mendian, elur berritan, norbere arrastoa zabaltzeko aukerak ez dauka parekorik. Ez zaitez lehen ere egindako bideetan tematu, bila itzazu bide berriak…”, diosku egileak.

Sandi Bertoncelj abentura eta paisaia argazkilari profesionala da. Argazki ehizan ibiltzeko, oinez, eskietan nahiz bizikletaz mugitzea gustatzen zaio. Sortzen dituen irudien bidez, ikusleak inspiratu nahi ditu, eta mendira irteteko gonbitea luzatu, norberak bere abenturaren bila jo dezan. Kranjen, Eslovenian, bizi da, hartarako paraje zoragarrian.

Jabier Baraiazarra BBK Mendi Film Bilbao - Bizkaia-ko zuzendariak, hala goraipatu du “Into the Light” argazkia: “Bizi dugun garai honetan, indar itzela duen irudia da, zuzena eta itxaropen energiaz betea. Onartu behar dut, gainera, pertsonalki zuri-beltzeko argazkigintzak asko erakartzen nauela, eta kasu honetan osagaietako bakoitza areago azpimarratzen laguntzen du: argia, elurra, mendiko eskiatzailea, itzalak… Espero dugu Mendizaleek gustuko izatea”.

Laugarren urtez deitu da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Kartelaren Saria CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketaren baitan. Sandi Bertoncelj-i 700€ko diru saria dagokio. Iaz ere CVCEPHOTO-n Ohorezko Aipamena irabazi zuen “Powder Earthquake” argazkiarekin.

CVCEPHOTO lehiaketak 6. edizioa du aurtengoa, eta Club Vasco de Camping Elkartearen Donostiako egoitzan egindako sari jakinarazpen ekitaldi birtualean eman da ezagutzera BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Kartelaren Saria. Coronavirus krisiaren aurrean hartu beharreko neurriei kasu eginez, ezin izan da ekitaldia burutu Antzoki Zaharrean, eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 13. edizioko egitarauan gehituko da, abenduan. Beraz, urtero egin ohi den CVCEPHOTO-ren argazki erakusketen atalaz batera, sari banaketa eta hitzaldiak ere egingo dira Bilbon.

 

Sandi Bertoncelj INTO THE LIGHT argazkiari buruz

Eguraldi aldakorra zegoen Esloveniako Juliotar Alpeetako Kanin mendian. Mendi azpira eskiatzen iritsi ginenean, argi itsugarri batekin topatu ginen. Eguzkiaren izpiek laino meheak zeharkatzen zituzten itzal luzeak sortuz giro dramatiko batean. Eguzkira begiratzen zuen konposizio irekia bilatu nuen, eta lagun bati elur frexkoaren gainean arrasto berria markatzeko eskatu nion, argazkia interesgarriagoa izan zedin. Honelako zirrarak zurekin gelditzen dira betiko, ez kameran bakarrik.

 

Mendi Film Kartelak CVCEPHOTO bidez

2019: TOP OF AFRICA, Christian Pondella

2018: LEARNING TO FLY, Rainer Eder

2017: THE LIGHTHOUSE, Christoph Jorda

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Everest

K2
 

Aconcagua
           

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2019 Bilbao Mendi Film Festival. Web by McArra. About Cookies